XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sekula ez zen nire bezerorik hala portatu, eta nola jokatu asmatu ezinda geratu nintzen emakume eder hura lepotik zintzilikatu zitzaidanean.

Bera ere ohartu zen nire estuasunaz eta gertatzen zitzaiona kondatu zidan orduan.

Pariskoa bertakoa zen Louise, familia on bateko alaba.

Bere aita, aitona eta birraitona, bi neba ere bai, diplomatikoak ziren.

Frantzian haut fonctionnaire 12 -Goi funtzionarioa. izenaz ezagutzen diren horietakoak.

Bera, ostera, modelo lanetan ibiltzen zen, nahiz eta, berez, Arte Dramatikoak ikasitakoa izan ikasketaz.

Ez zen baina lan handirik egoten bera bezalako antzezle beltz batentzat.

Bel-beltza ez baina kafesnearen ilun kolorekoa baitzen Louiseren azala, eta Frantzian ez dago lan handirik halako emakume batentzat.

Errepartoko lan bat edo beste noizbehinka, ez gehiagorik.

Sekula ere ez protagonista lanik.

Horregatik onartzen zituen pasareletako lanak etsipenez, beste batzuentzat amets izan zitekeena, zoritxarra baitzen berarentzat.

Hala ere, ez zen hori gertatzen zitzaion gauzarik txarrena.

Bazeukan beste zerbait, bere bizitza guztia zapuztu ziona: belztasuna bera.

Bere senide guztiak zuriak ziren. Aita, ama, ahizpak eta nebak, denak.

Aitonak eta amonak ere zuriak zituen. Lehengusu, osabaizeba eta lagunak. Denak zuriak.

Zurientzako auzo batean jaioa zen, Saint Germain de Prés-en, Pariseko lekurik ederrenetako batean.

Berak ere zuritzat zeukan bere burua baina ispiluak ez zion halakorik sekula erantzuten.

Bere burua ikusten zuen bakoitzean, ezin eramana sortzen omen zitzaion bere azalaren kolorearekin.

- Pentsa ezazu zerori joaten zarela ispilura eta zeure buruan ez dagoen kolore batekoa duzula aurpegia.

- Eman dezagun, txinatarra zarela ikusten duzula ispiluan.

- Izugarria da hori edonorentzat.